Anue Nafarroako udalerria da, Atlantiko eta Mediterraneo isurialdeen banalerroko hegoaldeko isurialdean kokatua, Iruñetik iparrerantz 20 bat kilometora. Belateko tuneletan barrena Iruña Irunekin lotzen duen N-121 errepideak udalerria iparretik hegora zeharkatzen du.
Udalerriaren lur-eremua Elzarrain ibaiak zeharkatzen du. Horretara, haran nagusiarekiko perpendikular dauden haranak zehartzen dituzten lau erreka nagusik isurtzen dituzte beren urak ezker ertzean. Lurra zuhaitz hostotsuz osatutako baso naturalek (pagadiak eta hariztiak) estaltzen dute.
Haranaren behealdean belardiak dira nagusi, eta bazkalekuak goialdean, Zuriain mendiaren inguruetan (udalerriaren punturik garaiena; itsas mailatik 1.411 metro altxatzen da). Kotarik baxuena burutain herrian dago, ibarraren hegoaldean, eta 494 metro ditu.
Anuek gaur egun 400 biztanle inguru ditu, zazpi herritan banatuta: Aritzu (53 biztanle), Burutain (60), Egozkue (20), Etsain (32), Etulain (22), Leazkue (17) eta Olague (195). Udaletxea, ,medikuaren kontsulta, kirol-instalazioak, eta bestelako zerbitzuak Olaguen daude.
Udal-barrutiak 61,4 kilometro koadro hartzen ditu; horrenbestez, biztanleriaren dentsitatea 6,5 biztanle kilometro koadroko da. Biztanleriak behera egin du, arian-arian, XX. mendean zehar; horrela, 1975ean 521 biztanle zeuden.
Gaur egun, 20 urtez beherako herritarrak guztizkoaren % 15 dira, eta 59 urtez gorakoak, berriz, % 30.